2009/10/26

2009-X-24/2009-X-25: fabela fabulosoa

asteburu honetan, diskaren grabatze prozesuari amaiera eman diogu, ahotsen grabaketarekin.
eguraldiaren beldur ginen arren, faktore hau ere lagun izan dugu.
larunbatean eguerdiko ordubi eta erdiak aldera heldu ginen oiartzunera, gutxi bazkalduta abesteko bazkaldu berri egotea ez baita oso komenigarria.

heldu bezain pronto, eta egunero bezala, "beltz" txakurra zain geneukan, eta sekulako ongi etorria eman zigun.


josema ere beti bezala guztia prestatzen aurkitu genuen, kableak bere tokian jarri, eta gainontzeko aparailuak martxan ipintzen.



ganbarara igo, eta bertan ahotsa grabatzeko mikroa zain, baina grabatu aurretik atontze lan batzuk egitea komenigarria zela adierazi zuen josemak.
ganbararen ertz batera eraman genuen mikroa eta bertan soinu lehorra lortzeko "etxola" bat eraikitzea proposatu zuen, horretarako ganbaran bertan aurkitu ditugun koltxoi, manta eta antzekoetaz baliatu ginelarik. honako emaitza lortuz:



fabela itxurako "eraikin" horretan egin ditugu asteburuko ahots grabaketak, giro eta atmosfera ederrean (hautsa, beroa, eta animali hondakin kiratsa tarteko), lortutako soinuarekin ere pozik geratu garelarik.

larunbat arratsaldean 7 abesti errejistratu genituen, zegozkien bikoizketa eta konponketekin (80. hamarkadako eragina barne), eta arratsalde erdian mokadu bat hartzeko parada ere izan genuen (beste behin ere "al campo"-ren catering-ari esker).
7 abesti horiek grabatu, eta gainontzekoa iganderako utzi genuen, eztarriari atsedena emateko asmoarekin.

afal ordurako anoetara (herrira, ordurako errealaren partidua amaituta baitzegoen) joan ginen. neguri gorriak taldeak bere azken kontzertua eskaini behar zuen, eta larunbateko gure grabaketaren ikusle/entzule izan zen, eta talde horretako trobadore izan dena, anoetara gerturatzeaz gain, gainontzeko taldekideak bisitatzeko aprobetxatu genuen.

giro aparta anoetako gazte egunean, eta giro ezin hobeago gaueko kontzertuan: aritz sound system & lagunak, banda batxoki eta neguri gorriak.
aurretik baina, egoera subrealistak bizitzeko parada izan genuen, azpiko alproja honek "afaltzera" gonbidatu gintuen:



kontzertuaren zati bat ikusi, aspaldiko lagunekin elkartu eta arrasatera bueltatu ginen.
hurregon egunean, igandean, aplikatutako metodologia antzekoa izan zen:
ordu bietarako oiartzunera gerturatu, geratzen zitzaizkigun 3 abestiak brikomaniako fabela hartan grabatu eta arratsalde erdirako arrasaten geunden.

diskaren grabaketa prozesua amaitutzat eman dugu beraz, azaroaren 7tik aurrera nahasketen txanda izango da. laster arte!




2009/10/22

2009-X-21: bar puerto

lan kontuak direla eta gaurko saioa ordubete beranduago hasi da, tarte horretan berriz ere animali hezitzaile saiakeraren bat egon delarik.
gaur ere kitarrak izan dira protagonista, nola ez azpiko tipo honen eskutik (edo eskuetatik):



gaur irunen aritu da informatika kontuetan, ordenagailuekin borrokan. bueltan bazkaltzeko denborarik eduki ez, eta basque culinary center fundazioaren (http://www.bculinary.com) egoitzatik pasatu da, emaitza honakoa izan delarik:




grabaketa kontuetan zentratuz (blog hau irakurtzen duzuen milaka lagunetako norbaitek galdetu dezake: eta nori axola zaio grabaketa?), lana gogotik egin du beñatek, gelditzen zitzaizkigun kitarra erritmikoen doblaketak, eta hortik aurrerako errejistro eta efektu ezberdinetarako grabatu beharrekoak ere burutu ditu. egun (eta gau) benetan luzea izan da, afaldu ere bertan egin dugu (catering-a "al campo"-ren eskutik).


aurrekoan ordenagailuak egindako gaiztokeriak ere konpondu ditugu; ekainek ezabatutako kantuaren baxuak grabatu ditu, eta diska "instrumentalki" amaitutzat eman dugu (josemak datorren hasteko goseren japoneko biratik ekarriko dizkigun tinbal japoniarrak eta salbuetsiz).



instrumentuen zatia bukatuta, asteburuan, eguraldiak errespetatzen bagaitu noski (ez, ez, gara ortuan tomate artean grabatzen ari...baina baserri bat da), ahotsen grabaketari ekingo diogu.
honela izango ez balitz, goseren bira japoniarraren ostean, azaroko bigarren astean, emango diogu amaiera diskaren grabaketari.



duela gutxi sari benetan gogoangarri eta desiratua jaso duen kirmen uribe handiak esango lukeen bezala:

bitartean...heldu eskutik


2009/10/21

2009-X-20: Angel Cristo

gaurkoa egun polita izan da. izenburuak adierazten duen bezala "animalia hezleak" eduki ditugu grabaketan. oiartzunera heldu eta josema, herrizaingo sailak jarritako kontrol bikain horietako bategatik atzeratu egin denez, gizakiaren eta bere lagunik onenaren arteko adiskidetasuna eta jolasa (ez gara zoofiliaz ari). baserriko "beltz" txakurra ikaragarri gustora ibili da haritz hezitzailearekin jolasean (edo alderantziz izan da?), eta boleiboleko baloi bat ahoari nola lotu (arnasa galdu gabe) erakutsi digu, eskuak erabili gabe hainbat elementu nola garraiatu...
espektakulu bikaina biek eskaini digutena, "raluy" eta "holiday" zirkuak dardarka daude...

josema iritsi, eta gaurko sesioari ekin diogu. atzotik grabatu gabe geratu ziren abestiak bukatu, eta beste soinu eta kitarra batekin "bikoizketari" ekin dio beñatok.
kantuek, logikoa den bezala, gorputz gehiago hartzen dute kitarren presentizarekin. oinarri erritmikoaren biluztasuna jantzi, eta kolore gehiago hartzen doaz. gustora gabiltza, gutxinaka abestien nortasuna argituz doa, eta beñato eguneko bigarren "domatzaile" bezala agertu zaigu.
beste kitarrarekin askoz gustorago jotzen ari da, indar eta dinamika gehiagorekin ("sg" zalea ote?).
maiz makinen zehaztasun eza edo okerreko funtzionamenduaren kalteak jasaten ditugu. gure kasuan "helmet" abestiaren baxua desagertu dela konturatu gara, kitarren grabaketari ekin diogunean. beraz, bihar edo etzi ekainek berriz ere sokak astindu beharko ditu.

gaurkoan ere naizroxatarren bisita izan dugu, iban, eneko eta xoane. merienda ere ekarri digute (mila esker). gaur egun naizroxa "oporretan" dago, abesti berrientzako ideiak lantzen, astiro baina beraien soinuaren tamainako pausuak emanez. oraindik goiz den arren, irrikitan gaude lanketa guzti horren emaitza entzuteko.

biharko laupabost abestiren kitarrak eta soinu ezberdina, efektuak eta abar izango dituzten kitarra zatien grabaketa geratzen zaigu. aurretik baina, gaurko gai filosofikoaren muina argitu nahiko genuke. musikari dagokionez, zein da mende "berri" honen soinua?zein taldek dauka 2000 delakoaren soinua?

(gaur ere argazkiek kale)

2009/10/20

2009-X-19: ehiztariak eta distortsioa

hamar egun pasatxo azkenengo grabaketa egunetik, eta bueltan gara berriz ere aste honetan grabaketaren bigarren zatia burutzeko asmoz. gaurko egunean, kitarren txanda heldu da.
arrasatetik hainbat buelta eman, eta bi kotxe materialez hornitu ondoren (mila esker osoron, biteri, eta juleni), oiartzunerako bidea hartu dugu. kotxe "bikiak" anplifikadore eta kitarrez leporaino beteta eraman ditugu, estudioan soinu aproposenarentzat material egokiena aukeratzeko. bidaian zehar musika inspiragarri (eta beharbada nostalgikoa) entzuten joan gara: governors eta the mars volta hurrenez hurren.

baserrira heldu eta josemarekin batera "porteadore" lanak egin ditugu. eramandako materiala ez da "arina" adjetiboarekin deskribatzeko modukoa, baina energiadun (?!) mutilak garenez, aise jaso ditugu "aparatook". non dago montakargasa...

ganbaran anplifikadore ezberdinak montatu eta froga ezberdinak egiten hasi gara. A kabezala (nola izango litzateke euskarazko itzulpena eroskiren arabera?burukoa?), A pantailarekin; B kabezala A pantailarekin eta B kitarrarekin; A kabezala B pantaila eta ganbaran kazola batean dagoen likido ilun horrekin...eta josemak eskua kazolan sartu du, on egin...

distortsioa gora, distortsioa behera, pare bat ordu pasatxo soinu frogak egiten, eta azkenean mikrofonoetako bat aldatu ondoren gustoko soinua "harrapatu" dugu, eta kitarrak bikoizterako orduan beste konbinazio bat erabiliko dugu.

gauzak honela, beñato grabaketarekin hasi da, "arctic monkeys" delako abestiarekin.
naizroxako matxet-en bisita, eta "al campo"-ra eginiko txangoa tarteko (gaurkoan ere hornikuntza gastronomikoa ezin falta), arratsaldea aurrera joan da lau abesti inguru grabatu ditugularik.

gaurkoan "kaonbi" izeneko erakundea etorri zaigu burura. arrazoirik ez zaigu falta izan:

1. baserriko atean, iluntasunean, ikusi ere egiten ez zen txakur gizarajoa behin baino gehiagotan zapaldu dugu. zapaltzailea eta zapaldua izutu dira.

2. gipuzkoa barreneko inguru hartatik ehiztarien postuak ikusten dira. beharbada arrasatetik ere ikusiko dira postu haiek, kolore benetan "horteroa" baitaukate.


norbaitek akaso gaurkoan testu gehiegi eta irudi gutxi nabarituko zituen. argazki kamara bi, baina exportazio gutxi. bihar gehiago eta hobeto.

2009/10/09

2009-X-8: baxua eta askaria

fermin muguruzak 2006. urtean "euskal herria jamaika clash" izeneko diska kaleratu zuen. bertan "baxua eta lurra" izeneko abestia aurkitu dezakegu, biak ala biak oinarriak, lehena musikarena, eta bigarrena herria, hizkuntza eta abarrena. anger taldearen grabaketetan baxua eta merienda edo askaria dira oinarrizko elementuak.



baxuak, eta orohar oinarri erritmikoak garrantzi ikaragarria daukate gure abestietan, intentsitatea eta oreka. gastronomiari dagokionez, aurreko grabazio egunetan ere argi geratu da oinarrizkoa dela. eta gaurkoan ere halaxe izan da, produktuei dagokienez aldaketa egon den arren. zubiatek sintetikotasuna alde batera utzi, eta "baserriko" produktuekin hornitu gaitu.



baina dena ez da gastronomia. gaur baxuaren grabaketa burutu dugu. 9 abesti grabatu ditu ekainek, eta ostiralerako pare baten errepasoa eta azkenengoaren grabaketa geratzen zaizkio.
lana gogotik egin dute bai ekainek eta nola ez, baita josemak ere, abestien kolorea gero eta nabarmenagoa dela somatu daitekeelarik.


bestalde, pare bat abestitan arazoa eman zuen bonboaren soinua konpontzeko asmoarekin, ibanek bateriak birgrabatu ditu, "toma" bakarrean konponduta...
bateria kontuak guztiz amaituta beraz ganbaran "okupa" geneukan bateria desmontatu eta kotxean sartu dugu, "vuelve, a casa vuelve"...
honetaz gain, naizroxa taldeko matxet eta ibanen bisita izan dugu. estudiotzat daukagun baserri honetan ensaiatzen du pasaiako taldeak, estudioa eta beraien entsegu lokala parez pare daude.


biharkoa sesioa laburra izango da, pare bat ordutakoa, josemak gose arrasatearrekin durangon kontzertua baitauka. baxuarekin azken kantua grabatu eta beste pare baten errepasoa egin ostean, diskaren grabaketaren erdia, oinarri erritmikoa, bukatutzat emango dugu.
urriaren 18a arte agenda kontuak direla eta, ez dugu grabaketa berrartuko, ordurarte estudioa eta blog hau hutsik egongo dira.





2009/10/07

2009-X-6: ni aizkolaria nintzen

egun eguzkitsua gaurkoa. oiartzungo paraje honetan giro aparta eduki dugu, beharbada grabatzen baino zelaian eguzkitan etzanda egotea hobea izango litzakeen arren.

eta giro aparta, beti bezala, estudioan izan duguna. gaur hobea, josemak azkenean bitter kas-a edateko aukera izan duelako, zubiate hornitzaile bikaina da.


baterien grabaketari ekin baino lehen elkarrizketa interesgarrietan murgilduta ibili gara, musika alde batera utzita mundua konpontzeko saiakerak egin ditugu. ostean, ibanek geratzen zitzaion abestia grabatu, eta beste bi errepasatu ditu, euretako batetan, abestian bertan aldaketa pare bat egin ditugu. denboratxo bat egon gara buelta batzuk ematen, baina azkenean emaitza hobea lortu dugu.bateriak bukatuta eta atzo eginiko arbel edo panel informatiboan eginda dagoena ezabatu ostean, baxuaren txanda iritsi da.



soinu froga batzuk egin, "ezagutza" buelta pare bat eta baxuaren grabaketarekin hasi gara.
baterien gainetik baxua grabatzerakoan abestiek gorputz gehiago hartzen dutela jakina da.
nolabait izango duten forma sumatzen hasi gara, eta egia esan sentsazioa oso ona da, zirrara berezia sortzen du.


denborak ez digu askorako eman, eta pare bat kantu grabatzearekin konformatu gara. gaurkoa trantsizioa eguna izan da. biharko egunean grabaketarik ez da egongo eta ostegunean jarraituko dugu oinarriaren bigarren zatiarekin.


hala ere egunak musikaz gain kirola ere izan du protagonista bezala. xake partidaren bat tartean (gizakia vs. makina), gizon probaren bat ikusteko (edo entzuteko) aukera izan dugu.


aramaixo aldean lan eskerga egiten duten horiek sasoi betean daude...
ostegunean gehiago!

2009/10/06

2009-X-5: bitter kas

izenburuari erreparatuz, zapore mingotseko eguna izan dela pentsa dezake norbaitek. baina ez da horrela izan, gaurkoa ere egun produktiboa izan da. abesti bat ia kontrako eztarritik sartu zaigun arren, dotore joan da gaurko grabaketa.

atzo aipatu bezala, gaurkoan ere baterien txanda izan da, ibanen "momentua".


igande ilunkaran 3 abesti grabatu bazituen, gaur arratsaldean beste 6 borobildu ditu, biharko azken kantu bat, eta gaurko abesti idor edo aridoa berrrikusiko dugularik. lokalean ere adjetibo hori jarri izan diogu abesti honi, daukan "gogortasunarengatik".


guztia lehenengoan grabatzen dugula, eta profesionalak (edo musikariak!) garela esatea oso "kiribildua" den arren, abesti hau hainbat aldiz grabatu behar izan dugu. hala ere, aitortu beharra dago, eta esan bezala gure burua pixkat "kiribilduz", ibanek hainbat abesti lehenengoan
grabatu dituela. mutil honena bapatekotasuna da. eta bapatekoa ere, hondarribin lur hartu duen eta gure grabaketan parte hartu duen hegazkinaren zarata, kasualitatez toma ona izan behar zen.
mila esker aena!


lana gogotik egin da gaurkoan, beste behin ere josemaren lana aparta: teknika, psikologia eta umorea. tipo benetan profesionala.


baina arratsalde honetan iban ez da protagonista bakarra izan. egin ditugun grabaketa guztietan bezala (eta beste talde askok egingo duten bezala), plastikozko poltsaz jantzitako produktuen festa izan dugu estudioan. beñato eta zubiate izan dira hornikuntza arduradunak. eta ez dituzte biek batera erosketak egin, beraz material bikoitza izan dugu. gauean afaldu al du norbaitek?ziur baietz...


hala ere, josemak hornikuntza aldetik zerbait bota du faltan. exijentzia bat dauka. non dago bitter kas-a?
bihar azken abestiaren bateria, eta baxuarekin hasiko gara. the bass, and the bitter kas...

2009/10/04

2009-X-4

gaur hasi da anger-en diska berriaren grabaketa. goizean azken orduko horniketa arazoak izan ditugu, eta hainbat dei egin ostean (mila esker beñat, joanes, mitx, ibai, eta urkiari) bateriaren material guztia prest izan dugu.







15.10 arrasatetik atera eta 16.00ak aldera oiartzunera iritsi gara, guztia prestatzeko. mendian, errepidean gora metro batzuk egin ostean, leku pribilegiatura heldu gara.
baserri dotorea eta ingurua are dotoreagoa. aurretik ere bertan abestiren bat grabatu izan dugu,
gustora egoteko moduko lekua dudarik gabe. barbakoa eta guzti prestatzen ari dira bertan...



josema zain daukagu. langilea da oso, eta dagoeneko badabil gauzak prestatzen gora eta behera.
ganbara aldean bateria montatzeari ekin diogu. partxe berriak ipini, txapa ugariren artean aukeratu, eta mikro guztiak jarri ostean, frogak egiteko prest.



aurretik baina, estudiorako jarleku beharra somatu dugu. baserriko lehenengo solairutik, besaulkia estudiora jeistea izan da proposamena, baserriko bizilagunak pozik besaulkiak leku asko okupatzen zuela eta. atetik baina, ezin atera. irtenbidea: balkoitik jeistea.
balkoitik botaz gero ez da asko apurtuko, ezta?


azkenean, altzaria 5 indartsu eta ranpa (I+D) bikain bati esker jeistea lortu dugu. norbaitek mudantza egiteko beharra baldin badauka, deitu gaitzala...

besaulkia estudioko atetik kostata sartu ostean, gure ipurdiak gustora kokatu dira mahaiaren parean.

beharrezko soinu frogak egin, bonboa madarikatu, eta honen soinua hobetu ostean, grabaketa frogari ekin dio ibanek. frogekin aurrera egin ahala, nahi gabe grabaketan murgildu gara, eta azkenean ibanek 3 abesti grabatu ditu. afal ordua iritsi da, eta hurrengo abestien grabaketa biharko utzi dugu, egun produktiboa benetan. esan bezala frogen eguna, grabaketa egunean bihurtu da. ez da hasiera txarra...